miércoles, 10 de marzo de 2010

biografia

Txomin Artolak txikitatik entzun zuen musika iparramerikarra, Elizondoko (Nafarroa) base amerikarrean lan egiten zuten auzokoak zirela medio. Horrela ezagutu zituen Elvis Presley eta twist musika. Ama Iparraldekoa izanik eta mugan bizi izanda, Artolak beti eduki du harreman berezia Iparraldearekin, eta bertan bizi da egun. Frantziako aldizkari eta irratien bidez deskubritu zuen The Beatles taldearen musika. Gitarra elektrikoa erosi, eta ingelesez zein frantzesez aritzen zen pop taldea osatu zuen 1962an. Hainbat emanaldi arrakastatsu eman zituzten Bidasoa aldean.

Aita arrantzale eta idazle zuen, eta haren bidez jarri zen harremanetan euskal kantagintzarekin; Mixel Labegerie entzuten hasi zen, eta euskaraz ere kantuak egin zitezkeela jabetu zen. Garai bertsuan, Bob Dylan eta folk musika deskubritu zituen, eta bi munduak uztartzeko modukoak zirela otu zitzaion. 1966an Ez Dok Amairuk emanaldia egin zuen Irunen, eta txundituta geratu zen. Batik bat, tradizioa eta eragin garaikideak uztartzeko modu naturalak txunditu zuen. Handik aurrera harremanak eduki zituen Ez Dok Amairuko hainbat kiderekin, eta euskaraz kantatuko zuela erabaki zuen.

Folk amerikarra eta euskal musika aurkitu ondoren, bere ibilbide guztian oinarrizkoa den hirugarren zutabea ezagutu zuen handik hiru urtera: 1969an Londresera egindako bidaian, hango folk berriarekin topo egin zuen, eta batik bat Pentangle taldeak liluratu zuen. Ondoren, bueltan soldadutza egin zuen Saharan, eta han zegoela idatzi zuen bere lehen kantua, "Goizeko euri artean", bere kanturik ezagunenetakoa.

Gaztaroan Troubles rock talde batean ibili ondoren folk musika berpizte mugimendua barrutik bizi izan zuen. Bi eragin nabarmen aitortu izan ditu bere musikagintzan: Ipar Amerikakoa, Bob Dylan, Simon & Garfunkel eta antzekoen eskutik, eta Ingalaterrako folk musika, John Renbourn, adibidez, 21 urterekin han egin zuen egonaldi baten ondorio. Musika herrikoa ere landu du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario